AHOZTAR ZELAIETA: “BENETAKO ZENTSURA TOPATU DUT ETA BETOA ARI ZAIZKIT JARTZEN” Berria

  • Evasores, morosos y millonarios vascos liburua aurkeztu berri du Zelaietak, ‘Hincapié’ aldizkariari esker. Askok entzun nahi ez dituztenak plazaratzen ditu, ahobilorik gabe.

Ahoztar Zelaieta kazetaria
Ahoztar Zelaieta kazetaria JUANAN RUIZ / Argazki press

Egin-en ikerketa taldean, Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan eta kazetaritza ikerketako beste hainbat proiektutan aritutakoa da Ahoztar Zelaieta (Bilbo, 1972). Kriminologia ikasitakoa da, eta Euskal Herriko lehen kriminologo elkarteko sorreran parte hartu zuen. Ostegunean hitzaldia emango du Gasteizen, CNTren egoitzan, 19:30ean.

2016-12-11 / Urtzi Urkizu

Liburu berrian aipatzen duzu Panamako paperen merkantilizazio bat dagoela eta CIPI partzuergoak George Sorosen dirua jasotzen duela. Zer interes ezkutu egon ziren paperak iritzi publikoari zabaltzeko?

Ikerketa kazetaritzan aspaldi nabil, eta ikerketa kazetaritzari buruzko teorizazioak ere arretaz irakurtzen ditut. Filtrazio guztiak norbaiti mina egiteko dira. Filtrazio kazetaritza ikerkuntza kazetaritzaren bide bat da, baina ez du inoiz helburua izan behar. Ikerkuntza kazetaritzaren funtzioak ez luke izan beharko interes politiko zehatz batzuen alde. Filtrazio horiek gertatu dira testuinguru batean, eta interes politiko batzuk zeuden.

Panamako paperetan euskal herritarrak topatu dituzu. Zein modutan eraman dituzu liburura?

Panamako paperetan erregistro batzuk euskal herritarrenak dira, eta ahalegin gutxi egin dira azaleratzeko. Hutsune hori betetzen saiatu naiz, ikuskizunaren oholtzatik urrun, eta informazioa ematen dirua irabazi gabe. Twitterren ere ari naiz informazioa zabaltzen [@Ahoztar1972 kontutik], iritzi publikoa ahaldundu nahi dudalako.

Liburuan jasotzen duzunez, EAJrekin lotutako hainbat pertsona daude paper horietan.

Zerrenda batzuk gurutzatu ditut. Aberats handiena da zerrenda bat, eta EAJrekin harreman zuzena duten dezente daude hor. EAJrekin kargua izan dutenak ere badira paperetan. Beste zerrenda bat moroso edo berankorrena da. Panamako paperak argitaratu eta lau hilabetera, Euskal Autonomia Erkidegoko ogasunak argitaratu zuen zerrenda bat, milioi bat eurorenak baino gehiagoko zorrak zituzten pertsonekin eta enpresekin. Panamako merkataritza erregistroan, ez bakarrik filtrazioan, aurkitu ditut izen batzuk. Castellanako paperetan agertzen diren bufete batzuk ere jaso ditut, eta horien bezeroak izan dira euskal herritar batzuk. Zerrenda horietan azaltzen direnek kontzientzia talde bat osatzen dute.

Nolako taldeaz ari zara kontzientzia taldea aipatzean?

Bere kabuz aritzen den talde bat da. Frankismo garaiaren lekuko izan zen lehen lerroan; ondoren, Eusko Jaurlaritzako gobernuen nondik norakoak ere ikusi ditu. Haien arauak dituzte, eta haien bidea egiten dute, beste inorekin kontatu gabe.

Euskal Herrian ustelkeriarik ez dagoela diote zenbait agintarik. Ikerketekin erakutsi nahi duzu ez dela horrela, ezta?

Ez nik bakarrik. Literatura juridikoa badago horren inguruan. Azkeneko bospasei urteetan, ustelkeria kasuen ikerketak %23 igo dira Euskal Autonomi Erkidegoan. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak gorakada hori nabaritu du, baina atzerapenak salatu ditu. Ohiko delituetan ikerketak egiten dira, salaketek epaitegietan bukatzen dute, eta zigorrak izaten dira. Baina ustelkeria kasuetan, ikerketak ugaritu arren, zigor kopurua ez da igo. Kalte-ordainketa eta proportziorik eza dago hor. Justiziak ez du independentziarik, ez daukagu ustelkeriaren aurkako fiskaltzarik, hemengo fiskalak kexu dira ez dutelako baliabiderik ustelkeriaren aurka txukun lan egiteko. Ertzaintzatik filtrazio batzuk egin dira, halaber, EAJri lotutako kasu batzuetan, eta kexa juridikoak egon dira.

Egoera horren inguruko zer analisi soziopolitiko egiten duzu?

Hainbat hedabide eta kazetari ere ari dira ustelkeria azaleratzen. Baina ematen du sabaia jo dela. Lana egin da, baina PPk Espainiako Gobernuan jarraitzen du. Jaurlaritzan EAJ dago, eta oasis bat dela ematen du. Egoera normalizatua dago. Frustrazio handi bat dago, eta ni horren aurka nago. Prebentzioa ez da landu. Autoarautzerik ere ez da egiten. Interes publikoa abagunearen araberakoa da ustelkeriaren inguruan. Poltsikoan diru gutxi dugunez, interesa badago jakiteko dirua nola xahutu duten, eta nora joan den. Baina hori ez da izan horrela beti, eta ez da horrela izango. Prebentzioan eta gardentasunean jarri behar da indarra. Jendeak, dena den, informatuta egon behar du.

Iaz Kutxabanki buruzko liburu bat atera zenuen. Euskal Herrian egoitza duten beste banku batzuk ere ageri dira zure lan berrian. Bankuek zer ardura dute delitu fiskaletan?

Ardura handia. Panamako paperetan Euskal Herriko bankuek izan dute zer esana, Bizkaiko Gotzaitegiaren bedeinkapenarekin. Opus Deirekin ere tratuak izan dituzte. Panamako paperetan, adibidez, BBVA agertzen da, eta banku horren ahotsa Vocento da. Vocentok eta Prisak komunikazio munduaren %80 kontrolatzen dute. Eta Prisako Juan Luis Cebrian [gaur La Sextan elkarrizketatuko du Jordi Evolek, 21:30ean] ere agertu da paperetan. Alboko kalte batzuk gertatu dira Panamako paperetan, eta horietako batzuk bankuei egokitu zaizkie.

Liburuan euskal Barcenas bat aipatzen duzu. Nor da?

Bat ez, bi daude. Panamako paperetan agertzen da Bilboko egoitza bat, eta EAJko fontaneria historikoaren epizentroa da: Gardoki kalea, 7. Fontaneria kontzeptua Egin-en ikerketa taldeak sortu zuen, auzi batzuetan alderdiaren aldeko trama klientelista batzuk argitaratu zirenean. Egoitza horretako pertsona bat ezagutu nuen —duela ez asko hil da—, eta hark azaldu zidan zergatik aterako zen Panamako paperetan. Haren enpresa garrantzitsuenak Bizkaiko Diputazioarentzat egiten du lana egun. Iturgin nagusietako bat izan zen hori, eta haren anaia Sabin Etxeko diruzaina izan zen; azken horri euskal Barcenas deitu zion Gananzia hedabideak. Extraconfidencial atari digitalak beste euskal Barcenas bat aipatzen du: Realeko kudeatzaile ohi Iñaki Otegi auzipetuta dago Panamako paperengatik, eta horri Iñaki el Barcenas deitzen diote.

Nafarroa Garaiko auziak ere ikertu dituzu: UPN, Opus Dei…

Liburuan atera ditut Opus Deiren obrak finantzatzen dituzten izenak. Gainera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiaren bi senideren enpresa bat aurkitu dut Panamako merkataritza erregistroan. Nabarmendu nahi dut, Panamako paperetako filtrazioan ez ezik, merkataritza erregistroan ere aritu naizela arakatzen.

Bestetik, Euskal Herriko aberatsen jokabideen inguruko zentsura al dago hedabideetan?

Aberats horiek anonimoak dira, eta ez dago interesik. Benetako zentsura topatu dut orain. Uler dezaket nire edukiek interesik ez piztea hedabide batzuei. Baina betoa jartzen ari zaizkit. Mundakako (Bizkaia) liburutegi batean eta Gasteizko beste batean saiatu naiz liburua aurkezten, eta betoa jarri didate, edukiagatik.

Evasores, morosos y millonarios vascos liburua aurkezteko prentsaurrekora zenbat hedabide joan ziren?

Bat ere ez. Soilik kazetari bat etorri zen, baina liburuan berri ematera inor ez. Handik egun batzuetara, Radio Popularretik deitu zidaten elkarrizketa bat egiteko. Imanol Ariasengan arreta handia jartzen dugu, baina kontraesana dago gero egiten denarekin. Irakurleen eskubide bat da informazioa jasotzea. Ez dut asmorik La Sexta katean agertzeko. Baina EITBk iritzi aukera ezberdinak egotea bermatu behar du. Eztabaida asko eskaini dizkio EITBk Panamako paperei, Imanol Ariasi buruz hitz egiteko. Minersa eta Sulquisa enpresak agertzen dira paperetan, Neguriko familia handienak. Zergatik ez dituzte horien izenak ematen? Horietako bat, adibidez, El Correo-ko ekonomia zutabegile nagusia da. Jabier Etxebeste mezenasa ere agertzen da paperetan. Interes ezberdinen gainetik, publikoaren interesa dago.

Txisko Espinosarekin eta Nuño Santillanarekin batera Gabe aldizkari digitala sortzeko proiektuan lanean ari zinetela plazaratu zenuten iaz. Zertan da?

Inkesta bat egin genuen, jendeari galdetu nahi genion proiektuaz. Informazio erauntsia egon da, asmo onak bai. Baina ez dago konpromiso zehatzik zerbait artikulatzeko. Ikusi dugu frustrazioa dagoela, hedabideetan ere saturazio bat dago. Ondorioak atera ditugu, eta sinergiak ez galtzeko beste zerbaitetan ari gara pentsatzen. Arlo juridikoan lan egiteko asmoa dugu. Gure asmoa ez da jendea kartzelan ikustea; hori porrota da. Gure ustez, formakuntzan egin behar dugu lan. Erabaki behar dugu zer prebentzio tresna jar daitezkeen martxan, baina ez inoren kontra jotzeko, baizik eta laguntza emateko. EAJ ustelkeriaren biktima bada, lagundu ditzagun. Lagundu ditzagun protokoloekin eta juridikoki, ustelak kanporatu ditzaten eta enpresen izenak eman ditzaten.

BERRIA