May 21 2012

Hitzaldiak: Kooperatiba, iraultza sozialerako tresna

Aste honetan, Gasteizko CNT sindikatuaren egoitzan (Hedegile, 65) kooperatiba integralei buruzko hitzaldiak izango dira. Datozen ostegun eta ostiralerako iragarririko hitzaldi hauetan, “kide guztiak protagonista diren talde esperientzia aberasgarri hauek gertutik ezagutzeko parada izango da”.

 Erakunde honek azpimarratu duenez, “errealitate bidegabe bati aurre egiteko erabateko integrazioan oinarrituriko antolaketa eredu bat da, egiteko beste era bati bidea urratzen dioena”. Jardunaldi hauetan hainbat gai jorratuko dira: elikagai ekologikoak eskura izateko aukerak, “zentzumenen plazerrean kontzienteki hazteko”; hiri eremutik at dauden etzebizitza aukerak; autoenplegua sistemari alternatiba modura; eskuragarri ditugun osasungintza ereduak…

Ostegunean, 19.00tan, “Etxebizitza kooperatiba integralak, banketxeekiko defentsa” izenburupean Deshazkundea taldeko kideak, David eta Aitor, etxebizitzaren alorrean ditugun alternatiben inguruan arituko dira.

– Ostiralean, 19:00tan, Auzolan eta Kooperatiba Integral Katalaneko kide den Gorkaren txanda izango da eta esperientzia hauen nondik norako, adostasun, garapen eta helburuez jardungo da.

 Konfederazio anarkosindikalistaren aburuz, kooperatiba ereduak “burokrazia eta politikeoan galdu gabe, bizi dugun errealitateari irtenbideak eskeini nahi dizkio”. Bere ustez, “nortasun propio eta aske bat gauzatu ahal izateko kontzientzia indartu gura duen esparru bat da”. CNTren esanetan, “modu libre eta kontzientean antolatzeko aukera dugu baldin eta elkar harturik eta ausardiaz ekiten badugu”.

Enlace permanente a este artículo: http://vitoria.cnt.es/blog/2012/05/21/hitzaldiak-kooperatiba-iraultza-sozialerako-tresna/