Jaurlaritza bero: eskola ero
Zuotako zenbat ari zarete osasun krisi honek dakartzan ondorio latzak pairatzen? Orain arte egoerari aurre egiteko esfortzu handia egin duzuen arren, denok esfortzu handia egin dugun arren, Eusko Jaurlaritzaren azken erabakiek desegin lezakete eginiko bidea, abiapuntura bueltatzeko arriskuan jartzen gaituzte eta kolokan jartzen dute guztion ongizatea. Hezkuntza Sailak izan duen jokaerari erreparatzea besterik ez dago. Irakasleei ez zaie baliabiderik eskaini egoera bereziari aurre egiteko, are gehiago, ez diete aukerarik eman kurtso amaiera behar bezala antolatzeko. Zergatik? Erabakiak nahasiak izan direlako. Erabakiak berandu hartu dituztelako. Hartutako erabakiak epe laburrerako izan direlako.
Hau guztia gutxi balitz, Hezkuntza Sailak, berriki, 2020ko maiatzaren 7an, hilabete bereko 18an eta 25ean irakaskuntza presentzialari berriro ekingo zaiola adierazi du. Guk defendatzen dugu neurri hauek ez diotela hezkuntza komunitateari mesederik egiten honako arrazoi hauek direla eta:
- Irakasleak dira benetan zentroetako egoera eta ikasleen egoera ezagutzen dutenak. Irakasleak dira inolako babesik gabe, inolako laguntzarik gabe, borrokan gogor aritu direnak, baliabiderik gabeko ikasleei materiala helaraziz, eskolak ahal den egokien jarrai ditzaten. Eta hala ere, ez dira irakasle-taldearen iritziak aintzat hartu erabakiak hartzeko orduan.
- Etxealdi garaian garatutako dinamika urratzea eta ikasleak nahastea baino ez dakar. Izan ere, oso gutxi dira geratzen diren eskola-egunak eta osasun murriztapenak direla eta, ezinezkoa izango da eskolako ohiko jarduerari, eskolako ohiko hezkuntza garapenari eustea. Zer etekin atera daiteke, bada, egoera horretatik?
- Oso denbora gutxi dago zentroak berrantolatzeko gutxieneko segurtasun baldintzak bete ditzaten. Horrek -beharbada alferriko- lan zama handia gaineratzen die bestela ere lanez gainezka dauden irakasleei.
- Geletara bueltatzeak arriskuan jartzen du ikasle guztien eta zentroko langile guztien, alegia, garbiketa-lanetan ari direnen, administrazio-lanetan ari direnen eta irakasle-lanetan ari direnen osasuna. Baita hauen guztien inguruaren eta familien osasuna ere.
Sasinormaltasuna berreskuratzeak iradokiko luke Eusko Jaurlaritzak eta, zehatzago EAJk, Estatu Espainoleko gainerako erkidegoek baino lehenago konpondu duela arazoa, egoeraren gestio ona egin dela aditzera emanez. Horren atzean dagoen helburua etekin politikoa lortzea da, EAJk berak argitasunez adierazi baitu hauteskundeak uztailean ospatzeko nahia. Itxurakeriak eginez egoera bere mesedetan erabiltzeko asmoa du, bere zio politikoak interes pedagogikoen eta pertsona guztien segurtasunaren aurretik jarriz.
Honen guztiaren ondorioz, honako hau da eskatzen duguna: geletara itzuli behar bagara, aurretiaz eta denboraz antolatu dezatela, itzulera ziurra, ordenatua eta lasaia berma dezaten.
Gasteizen, 2020ko maiatzaren 8an
CNT Gasteiz sindikatuaren komunikatua eskoletara itzultzeko neurriaren harira