Batzorde Konfederaleko Idazkaritza Iraunkorra
- Urtarrilaren 18an CNTren aurkako epaiketa bikoitza hasiko da Xixonen, ekintza sindikala egiteagatik CNTko afiliatuei kartzela-zigorrak eta kopuru ekonomiko oso handiak eskatuz
- Zentral anarkosindikalistak kasua zabaltzeko eta auzipetutako sindikalistei elkartasuna adierazteko deia egin du
Laneko irregulartasun ezberdinekin eta laneko ustezko sexu-jazarpen batekin hasi zen dena. Langile bat sindikatuan izan zen 2017ko hasieran, Xixongo La Suiza gozotegian gertatzen ari zitzaiona komentatzeko. «Gaiaren larritasuna ikusita, horren arabera jokatu zen», zehaztu du sindikatuak; izan ere, enpresarekin bildu aurretik, informazio osagarria eskatu zuen, langilearen bertsioa babesteko. Ondoren, enpresarekin bildu zen gaia aztertzeko, baina ez zuen arrakastarik izan. Orduan sindikatuak mobilizazio-kanpaina hasi zuen eta hainbat salaketa-elkarretaratze egin ziren, «ekintza sindikalean ohikoa dena», adierazi dute sindikalistek.
Hala ere, «erasotuak erasotzaile bihurtu ziren egun batetik bestera, enpresaburuak salatu zituelako», salatu du CNTk. «Sindikatuari ia 600.000 euro eta kartzela zigorrak eskatzen diote salaketa jarri duen langilearentzat eta sindikatuko kideentzat, guztira 8 laguni», zehaztu du sindikatu anarkosindikalistak.
Sindikalismoa egiteagatik urtetako kartzela-zigorra eskatzen duen asmoaren atzean, ustez, Xixongo ostalaritzako patronala egon liteke; izan ere, joera kontserbadore argia duten pertsonak dira, eta «CNTri estortsioa egitea leporatu diote, eta sindikatua legez kanpo uzten saiatu dira, legez kontrako elkartea dela salatuz». Izan ere, sindikatuaren aurkako akusazio partikularra egiteko abokatu gisa Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko magistratu ohia kontratatu dute, «epaile izarra eta orain Jaime Botinen abokatua», erakunde anarkosindikalistak azpimarratu duenez.
«Kasu hau sindikalismoa legez kanpo uzteko beste urrats bat da, zuzenean edo sindikalistak kartzelara sartuz eta ekonomikoki zigortuz», salatu du CNTk. Horregatik, klaseko elkartasuna eta sindikatu guztien babesa eskatzen dute, erasoa gelditzeko eta astelehenetik aurrera epaituko dutena ahalik eta gehien zabaltzeko
Nork argitaratua: CNT